Historia

Mendexako Udala 1919

Lehen agiriak XVI. mendekoak dira, Mendexa elizate bilakatu zen garaikoak. Lehenagotik ez dago aztarna handirik. Dena den, gauza jakina da inguruotan paleolitiko garaitik bizi dela jendea.

Baserritarrak azokan

Antza, Erdi Aroan leinu-taldeak bizi ziren. Abeltzaintza zuten jarduera ekonomiko nagusi, eta ezarkuntza ez zen erabat iraunkorra. Erromatarren presentzia urria izan zen X.-XI. mendeetara arte. Ondoren, biztanleak hiriguneetatik urrundu eta nekazaritza inguruetan zabaltzerakoan, toki iraunkor batean finkatzen hasi ziren.

Baserritarrak behiaren alboan

Mendexan XIII. mendeko ondarea aurki daiteke, kasurako Andra Mariren eskultura erromanikoa. Badakigu ordurako jarduera eta egoitza finkoa zutela bertako biztanleek. Izan ere kristautasuna oso errotuta zegoen, San Millan, San Bartolome edota San Joseren irudiek erakusten dutenez.

Gizon taldea apaizaren inguruan

Agertu diren datuen arabera, garai batean Lekeitioko Andra Mari Basilikaren menpeko izan zen Mendexa. Auzotarrak bertako abadea ez edukitzeaz kexu agertzen zitzaizkion Lukoko jaunari, eta honek, behar adina jende biltzen zela ikusita eta sinodoaren erakundeei aurre eginez, parrokia bilakatzeko agindua eman zion Lekeitioko Udal Batzarrari 1545eko azaroaren 4an. Lekeition ez zeuden ados eta Aita Santuarengana jo zuten, baina honek ere Mendexaren alde ebatzi zuen eta lehia irabazi egin zuen.

Independentzia lortzeak hiru datu garrantzitsu nabarmentzen ditu:

Batetik, hazkunde demografikoa, Lekeitiotik banatzeko eskaerak hasi aurretik populazio-kopurua handitu egin zela. Bigarrenez, nekazaritzak ekonomiaren hobekuntza ekarri zuela. Abadea ordaindu eta parrokia mantentzeko ahalmena erakusten baitzuten. Azkenik, kristautasuna guztiz errotu zela eta horretarako biztanleek oso finkatuta behar zutela bizi.

Aberea azokan

Lekeitiotik banandu zen garaian, gizartea ia hierarkia feudalean bizi zen, eta zerga eta bereterren sistemari jarraitzen zitzaion. Goi mailan noblezia edo leinu-familiak zeuden. Mendexako herriaren kasuan, Mendexa familiakoak eta Likona familiakoak. Biak ere IX. -X. mendeetan sortu ziren banderizoen borroketan esku hartzen zuten.

Gernikako Batzar Nagusietan 23. eserlekua eta botoa zuen. Erdi Arotik ia gaur egunera arte, abeltzaintza eta nekazaritza izan dira Mendexako gizartearen eta ekonomiaren ardatz.